Zortzigarren postuan bukatu dugu ETE liga

Bukatu da aurtengo ETE liga, eta zortzigarren postuan sailkatu gara. Pasaian hasi genuen liga, ekainaren 15an, eta Errenterian bukatu dugu, abuztuaren 25ean. Ez da bide erraza izan, momentu hobeak eta okerragoak izan ditugu, eta lehenengo postuetatik gertu egoteko gai ere izan gara. Hobeto moldatu gara orokorrean ibaiko estropadetan, baina itsasoan ere arraunean badakigula erakutsi dugu. Azken estropadetan oso lan txukuna egin dugu gainera, bosgarren eta seigarren postuetan sailkatuz. [Estropadetako emaitzak]

Edonola, denboraldia oraindik ez da bukatu, eta gogotsu gaude ostegun arratsaldean Kontxako sailkatze estropadan parte hartzeko. Aupa Hernani! Aupa ‘Maialen’!

Pasaian hasiko dugu ETE liga

Traineru denboraldia hastear da eta bideo bat egin dugu gure zaleak giroan sartzeko. ETE ligako webgunean ikus dezakezue ligako estropaden egutegia, eta emaitzak ere hor jarriko dituzte. Gure webgunean ere baduzue denboraldiko estropaden egutegia, eta emaitzekin osatzen joango gara.
Lehenengo estropadak Pasaian izango ditugu, asteburu honetan bertan. Estropadaren batean elkar ikustea espero dugu. Aupa Hernani! Aupa ‘Maialen’!