Gorrion hil da, klubeko patroi ohia

Hil berri da Joxe Urdanbide Etxeberria altzatarra, 80 urterekin. Gorrion ezizenarekin ezaguna zen, eta klubeko patroia izan zen urte askoan [Argazkian, behean makurtuta, erdian, arraunik gabe].

Emaitza bikainak lortzera iritsi zen traineru berdearekin 1970eko hamarkadan. Kontxako Banderan Hernaniko patroia izan zen 1973, 1974 eta 1975, eta 1978 urteetan, eta zazpigarren, laugarren, seigarren eta seigarren postuan sailkatu zen taldea ordukoetan, hurrenez hurren. Horrela bada, Kontxan Ohorezko Txandan aritzeaz gain, Gipuzkoako Trainerilla Txapelketa ere irabazi zuen Hernanirekin. San Pedro eta Jaizkibel ontzietako patroia ere izan zen.

Klubak esker hitzak baino ez ditu Gorrionentzat klubean egindako urteengatik, eta familiari besarkada estu bat bidaltzen diogu.