Elorrabiko zubiaren inaugurazio ofiziala egin dugu. Elkarlanean aritu gara Hernaniko Arraun Elkartea, Osiñaga Auzo Elkartea eta Hernaniko Udala, eta eguzkipean guztia primeran atera da. Zazpi urteren ostean, berriro ere zubi bat dugu klubaren aurrean, herriarekin lotura garrantzitsua lortuz, eta oso pozik gaude klubeko kide guztiak.

‘Maialen’ uretaratu dugu

‘Maialen’ trainerua uretaratu dugu ekitaldian. Gainera, klubeko gaztetxoek arraunak jarri dituzte zubian, arku bat osatuz. Horretaz gain, Bautista Goikoetxeari aurreskua dantzatu diote, eta bera arduratu da zinta mozteaz. Iñigo Legorbururen eta Andoni Mujikaren bertsoak entzuteko aukera ere izan da, eta Hernaniko musikari ezagunek ere parte hartu dute ekitaldian, giroa alaituz.