trainerua-2018
‘Maialen’ trainerua, entrenamendu saio batean. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga)

Orain arte egindako lana erakusteko gogoz daude Maialen traineruko kideak. Laugarren urtez jarraian uretaratuko dugu Hernaniko emakumeen trainerua, eta taldean aldaketa asko egon diren arren, ilusioak bere horretan jarraitzen du. Iaz bezala, Xabier Zabala loiolatarra ari da entrenatzaile lanetan, eta ahalik eta udarik txukunena egitea da guztien nahia.

Asteburu honetan bertan ekingo dio lehiari traineruak, Euskotren Ligarako sailkatze estropadekin: larunbatean, 18:00etan, Sestaon; eta igandean, 11:45ean, Zierbenan (Bi jardunaldiak zuzenean emango dituzte ETB1 telebista katean). Horrela bada, asteburuko lehiek erabakiko dute traineru berdearen udako egutegia. Izan ere, lehenengo lau ontzi azkarrenek lortuko dute Euskotren Ligarako txartela, eta gainontzekoek ETE liga jokatuko dute (Emakumeen Traineru Elkartearen liga). Txapelketak eta Kontxako Bandera izango dira denboraldiko gainontzeko estropadak.

Hernaniarrei deia egiten diegu kamiseta eta zapi berdeak jantzita joan daitezen Bizkaiko estropadetara, euren indar eta animoak ematera gure ontziari (aurten ere salgai dugu klubeko materiala Joxemari tabernan).

Ondorengo loturan ikus ditzakezue aurtengo taldekideak: 2018ko taldea.

Aupa Hernani!