Hernaniko entrenatzaileak
Ezkerretik eskuinera: Andoni Mujika, Xabier Zabala eta Mikel Lersundi. (Argazkia: Ainhitze Kalonje)

Prest eta lanean ditu Hernaniko Arraun Elkarteak denboraldi berrirako entrenatzaileak: Andoni Mujika, Mikel Lersundi eta Xabier Zabala. Badira aste batzuk lanean ari direla, eta gogotsu daude denboraldiari begira, erronka eta helburu berriak tarteko.

Beheko mailen ardura dute Andoni Mujikak eta Mikel Lersundik. Bien artean daramatzate haur eta kadete mailetako neskak; Mujikak, aldi berean, haur mailako mutilen ardura du; eta, Lersundik, aldiz, kadete mailako mutilen ardura.

Xabier Zabala, aurreko denboraldian bezala, neska jubenil eta seniorren entrenatzailea izango da. Ontzi txikietan aritzeaz gain, trainerua izango da denboraldiko erronkarik handiena Zabalarentzat.

Hilabete inguru daramate entrenatzen maila txikietako gaztetxoek, eta urtarrilean hasiko den batel liga dute helburutzat, bereziki. Neska jubenil eta seniorrak, aldiz, bi aste barru hasiko dira entrenatzen, urriko atsedenaldiaren ostean.