Hiru jardunaldi baino ez dira geratzen Gipuzkoako Traineru Liga bukatzeko, eta horietako bat Hernaniko Arraun Elkarteak antolatu duena izango da: Emakumeen I. Hernaniko Bandera, I. Iparragirre Saria. Astearterako prestatu dugu estropada, abuztuaren 15a, 11:30ean, Loiolako Erriberan.

Traineruak Mundaiz eskolaren ontziralekutik uretaratuko dituzte, eta lehia jarraitzeko leku egokia egongo da Loiolako Erribera pasealekuan. Erlojuaren kontra arituko dira ligako hamar traineruak, eta eremuak hiru ziaboga izango ditu. Bost taldeko bi txandatan banatuko dituzte taldeak, eta minutu bateko tartean emango dituzte irteerak. Ligako sailkapenari jarraituz egingo dute irteeren hurrenkera, atzekoz aurrera (Estropadaren txostena).

Momentu honetan sailkapen orokorreko bosgarren postuan dago Hernaniko Maialen trainerua, 66 punturekin. Laugarren sailkatua Arraun Lagunak da, 69 punturekin. Orain arte jokatutako estropada guztien emaitzak topa ditzakezue gure webgunean.