Denboraldiko bigarren banderaren bila irtengo da Maialen trainerua asteburuan. Gipuzkoako Ligako jardunaldi ez puntuagarria izango da, Lekeition, larunbatean, 12:00etan. Sei ontzi arituko dira lehian, bi txandatan: Lea Artibai, Castreña eta Portugalete (1. txanda); Donostiarra, Deustu eta Hernani (2. txanda). Euskotren Ligako ontziak faltako dira. Asteartean eremu berean aritu zen traineru berdea, Euskadiko Txapelketan, eta bosgarren lekuan sialkatu zen, Euskotren ligako lau ontzien atzetik. Hain zuzen, joan den larunbatean, bere ibilbideko lehen bandera eskuratu zuen emakumeen traineruak, Pasaiako uretan: Madalenetako Ikurriña. Hirugarren udara betetzen ari da taldea, eta Gipuzkoako Ligan lortu zuen lehen garaipena, Donostiarraren aurretik sartuta. Hura ere jJardunaldi ez puntuagarria izan zen, Euskotrenekoak falta baitziren. Hala ere, bandera zegoen jokoan, elegante askoa gainera.

Historia pixka bat

Hernaniko gizonezkoen traineruak astindu zituen bandera batzuk bere ibilbidean, bi hamarkadatan. Garailea izan zen traineru berdea 1977an, Pedreñan eta Astilleron; eta, 1994an, Pasaian eta Angelun. Horrela bada, 23 urte igaro dira traineruarekin garaipenik lortu gabe; gainera, tartean, trainerurik uretaratu gabeko urteak ere izan dira. Azkenekoz, 2007an atera zuen Hernanik gizonezkoen trainerua; emakumeekin itzuli zen lehiara, 2015ean. Azken urteetan harrobian egindako lanaren ondorioz, emakumeen eskutik heldu da oraingoan trapu preziatua.

Tripulazioa, Hernaniko emakumeen traineruak lortutako lehen banderan; Madalenetako Ikurriña (2017-07-22):

  • Aurrekalaria: Maider Perez (A)
  • Seitik: Patricia Trigo (A) – Ohiana Goenaga (I)
  • Bostetik: Estitxu Zabala (A) – Amaia Larrarte (I)
  • Lautik: Belen Otero (A) – Uxue Alberdi (I)
  • Hirutik: Mireia Vicente (A) – Ane Sanchez (I)
  • Bitik: Maitane Iraola (A) – Maider Zumeta (I)
  • Hanketik: Ainhitze Kalonje (A) – Enara Villena (I)
  • Patroia: Miren Garmendia.

Entrenatzailea: Xabier Zabala.

(* A: Ababor / I: Istribor)