Kontxan egin ditu entrenamendu saio batzuk traineruak, aste honetan, asteburuari begira. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga)

Euskotren Ligan sartzeko estropadak jokatuko ditu Maialen traineruak asteburuan, eta, noski,  zaleen bultzada izugarri eskertuko du talde guztiak. Bi jardunaldi izango ditu Euskotrenerako sailkatze faseak: larunbatean, 17:30ean, Orion (lehenengo TKE mailako gizonezkoak arituko dira); eta, igandean, 12:00etan, Kontxako badian (ondoren arituko  dira gizonak).

Hamar traineru saiatuko dira lau txarteletako bat lortzen: Hernani, Arraun Lagunak, Cabo, Deusto, Donostiarra, Hibaika, Lea Artibai, Orio, Portugalete eta San Juan. Bi jardunaldietako puntuak batuko dituzte, eta berdinketa egongo balitz laugarren postuan, bi egunetako denborak batuko lituzkete. Horrela, denbora gutxien ematen duen taldeak lortuko luke leku preziatua. Gipuzkoako Traineru Ligan orain arte jokatutako bost estropadetan, hiru laugarren postu eta bi bosgarren postu lortu ditu traineru berdeak.