Mediterraneoko Llauten Espainiako Txapelketa izango da maiatzaren 27tik 28ra, Tarragonan (Katalunia), eta bertan izango da Hernaniko Arraun Elkartea, emakumezkoen talde absolutuarekin. Izan ere, behin batel eta trainerilla lehiak bukatuta, traineru estropadak iritsi bitartean, beste pizgarri bat izatea erabaki du klubak. Ostiralean abiatuko da taldea Katalunia aldera, bere bertsiorik onena erakusteko asmoz. Traineruaz gain, Llautean ere entrenatzen ibili dira neska hernaniarrak, gogo biziz, bideoan ikus daitekeen bezala.

Zortzi arraunlari eta patroia aritzen dira mediterraneoko llautean, eta patroiak, traineruan ez bezala, lemarekin zuzentzen du ontzia. Arraunean, lau arraunlari joaten dira ababorretik, eta beste lau, istriborretik; hankekoa eta aurrekalaria tostakiderik gabe aritzen dira.

Ez da izango Hernanik txapelketan parte hartuko duen lehen aldia. Izan ere, 2013an, neska kadeteen taldeak parte hartu zuen, eta bere mailako txapelduna izan zen.

Gipuzkoako Traineru Liga ekainaren 17an hasiko da, baina oraindik egutegi osoa itxi gabe dago.