Mutil jubenilen trainerilla, iaz.

Trainerillen txanda iritsi da Hernaniko arraunlarientzat. Gipuzkoako Trainerilla Liga asteburu honetan abiatuko da, eta Loiolan izango du lehen jardunaldia, Arraun Lagunaken eskutik. Estropadak larunbatean izango dira, 18:00etan, eta lau kategoriatan arituko dira ontziak: gizonezko jubenilak (6 talde), emakume absolutuak (11 talde), gizonezko seniorrak (8 talde ligatik kanpo, eta 9 ligan). Hernanik ni trainerillekin parte hartuko du, mutil jubenilekin eta neska absolutuekin. Mutilek liga osoa egingo dute, baina neskek bi estropada baino ez dituzte egingo: Loiolakoa eta Zumaiako San Telmotakoa. Zumaiako estropada herriko jaiekin bat eginez antolatzen dute, eta gonbidapen bidezkoa da partehartzea. Igandean izango da estropada, 18:00etan, eta Hernaniko neskek aukera ongi aprobetxatzeko asmoa dute. Orio, San Juan eta Zumaia izango dira Hernaniren aurkariak.
Gipuzkoako Trainerilla Liga:

  • 1. Jardunaldia. Apirilak 29, Loiola.
  • 2. jardunaldia. Apirilak 30, Zarautz.
  • 3. jardunaldia. Maiatzak 1, Pasaia.
  • 4. jardunaldia. Maiatzak 6, Hondarribia.
  • 5. jardunaldia. Maiatzak 7, Getaria.
  • 6. jardunaldia eta Gipuzkoako Trainerilla Txapelketaren 1. jardunaldia. Maiatzak 13, Mutriku.
  • Gipuzkoako Trainerilla Txapelketaren 2. jardunaldia. Maiatzak 14, Mutriku.