Oriaren XXI. Traineru Jaitsiera
Hernaniren trainerua, 2015eko jaitsieran. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga)

Iazko denboraleak ez zuen estropadarik jokatzeko aukerarik eman, baina, aurten bai, hemen da Oriaren Traineru Jaitsiera. Neguko denboraldi-aurreko estropadarik garrantzitsuena da, hain zuzen ere, eta gaur, larunbata, 16:00etan izango da, Oria ibaian. Aurtengoa 23. ekitaldia izango da, eta parte hantze handia izango du, aurreko urteetan bezala. Guztira, 78 ontzi ariko dira nor baino nor. Neguko prestaketaren barnean sartu du jaitsiera Hernaniko traineruak, oraindik bere mailarik onenean ez dagoen arren, gauzak ongi egiten ari direla erakusteko gogoz dago taldea.

Llagutak, jubenilak, beteranoak eta emakumezkoek 4.000 metroko bidea osatuko dute, eta haiek izango dira Saikolatik lehenak abiatzen. Minuturo ontzi bat abiatuko da Aginagatik Oriora. 16:41ean gizonezkoen txanda izango da. Haiek Mapiletik abiatuko dira, minuturo ontzi bat, eta 6.000 metroko bidea osatuko dute. Azkenak etxekoak izango dira, oriotarrak arratsaldeko 17:11n.

Lehiaketa ere antolatu dute Orion, eta herriko tabernetan irabazleen aldeko apustuak egiteko aukera dago.

Hirugarren urtea

Hernaniko emakumeen traineruak 2014an parte hartu zuen lehenengoz jaitsieran, Hernani-Gure esku dago izenarekin. Taldea osatzeko, ordea, kataluniako arraunlari batzuen laguntza beharrezkoa izan zuen. 2015ean, berriz, dagoeneko Maialen trainerua uretan zuen Hernanik, lehiarako prest, eta Hernani eta Tolosako klubetako kideek osatutako trainerua uretaratu zuen (irudi bilduma). Iaz, esan bezala, ez zen jaitsierarik jokatu.