lokal-berritua
Hernaniko Arraun Elkarteak akordio bat sinatu berri du Hernaniko Udalarekin, lokalean hainbat aldaketa egiteko. Klubeko arduradunak konturatu dira arraunlariek eta entrenatzaileek ordu asko igarotzen dituztela lokalean atzera eta aurrera, eta joan-etorriak gutxitzeko, klubean lo egiteko aukera izango dute nahi duten guztiek, urtarriletik aurrera. “Oso pozik gaude udalarekin itxi berri dugun akordioarekin. Arraunlarien arteko harremana sendotzeko balioko duela ere uste dugu”, azaldu du Xabier Zapiain zuzendaritzako kideak.

Dagoeneko egin dituzte lehen erosketak, eta klubaren filosofiari jarraituz, txalupa formako ohe batzuk jartzea erabaki dute: “Zuzendaritzako kideek ere izango dugu lotan geratzeko aukera, askotan bilerak oso berandu bukatzen ditugu, eta horrela ez dugu desorduetan gidatzen ibili beharko”, gehitu du Zapiainek.

Entrenatzaileek eta arraunlariek ere pozik hartu dute albistea, horrela, behin entrenamenduak bukatuta, dutxatu, elkarrekin afaldu eta lasai oheratzeko aukera izango baitute, etxera itzuli gabe. Xabier Zabala traineruko entrenatzailea pozez zoratzen ari da: “Guk astean sei egunetan entrenatzen dugu, beraz, aukera ezinhobea da. Goizetan, bakoitza bere zereginetara joan aurretik, beste entrenamendu saio txiki batzuk sartzea pentsatzen ari naiz, eta, gauetan, arraunaren historiaren inguruko dokumentalak ikusiko ditugu”.