Partaide guztiek jaso zuten euren saria. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Partaide guztiek jaso zuten euren saria. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Giro bikaina bizitzeko aukera egon zen larunbat iluntzean, Tilosetan. Emakumeen arteko I. Ergometro Txapelketa antolatu zuen Hernaniko Arraun Elkarteak, eta herritarrek ederki erantzun zuten. Bost klubek parte hartu zuten lehian: Donostiarra, Hernani, Hibaika, Hondarribia eta San Juan Koxtape. Kanporaketak jokatu ostean, Hernani B eta Hibaika B taldeak iritsi ziren finalera, eta Errenteriako taldea izan zen txapelduna, 6 minutu eta 54 segundoko denborarekin. Bigarren lekuan geratu zen etxeko taldea, 7 minutu eta 6 segundoko denbora eginez. (Behean emaitza guztiak)

Lau arraunlariko taldeak osatu zituzten klubek, eta talde bakoitzak 2.000 metroko ibilbidea egin behar izan zuen ergometroan, txandaka. Arraunlari bakoitzak, gutxienez, 400 metro egin zitzakeen, eta, gehienez, 600 metro. Entrenatzaileek, berriz, gertutik jarraitu zuten lehia, animoak eta aginduak emanez, baina ez zuten ergometroak ukitzeko aukerarik.

Finala jokatu aurretik, mutilek ere euren erakustaldia egin zuten. Biko taldeak osatu zituzten haiek, eta Hernani izan zen irabazlea (4:47:90), Donostiarraren aurretik (5:06:00).

Emakumeen klub bakoitzak Iparragirre sagardotegiko sagardo kaxa bana jaso zuen opari. Irabazleek, sagardo kaxaz gain, Zabala kafeen sorta bana eskuratu zuten, eta txapela jantzi zuten. Logo lehiaketako sariak ere banatu ziren, eta irabazleek pozik jaso zituzten sariak. Oiartzun futbol taldeko bi jokalari arduratu ziren sariak banatzeaz, emakumeen goi mailako kirolaren erakusgarri bikaina.

Irudi ederrak utzi zituen txapelketak.

EMAITZAK