ergometro-txapelketa

Gabonak iristear diren honetan, erronka berezia antolatu du Hernaniko Arraun Elkarteak. Hain zuzen ere, emakumeen arraunari bultzada bat emateko asmoz, bai herrian eta bai orokorrean ere, Emakumeen arteko I. Ergometro Txapelketa egingo du. Lehia abenduaren 17an izango da, Hernaniko Ezkiaga pasealekuan (Tilos), 20:00etan.

Hainbat klubetako arraunlariek hartuko dute parte: Donostiarra, Hernani, Hibaika, Hondarribia eta San Juan Koxtape. Lauko taldeetan, erreleboka, 2000 metroko ibilbidea osatu beharko du talde bakoitzak. Klub batzuek talde bat baino gehiago izango dituzte, eta, horrela, final-laurdenak, final-aurrekoak eta finala egongo dira jokoan. Gainera, emakumeen arteko txapelketaz gain, mutilek ere euren lehiak jokatuko dituzte.

Arratsalde desberdin bat pasatzea da asmoa, eta herrian emakumeen arrauna eta ergometroa ezagutaraztea. Bide batez, logo lehiaketako sariak banatuko ditu klubak, jaiarekin bat eginez.