logo irabazlea. (Egilea: Unai Gomez)
logo irabazlea. (Egilea: Unai Gomez)

Hernaniko Arraun Elkarteak logo berria du. Hain zuzen, goian ikus daitekeen irudi horrek irabazi du 2016ko Logo Lehiaketa. Donostiako Unai Gomez da logoaren egilea, eta 150 euroko saria izango du opari gisa. Horrela azaldu zuen Gomezek bere proposamena: “Arraunaren eta uraren munduarekin loturiko logotipo posibleak aztertu ostean, honakoa da aurkezten dudan behin betiko proposamena. Logotipoaren geometrikotasunak modernitatearen ideia bereganatu nahi du; alde batera utziz betiko eta ohikoak diren armarrizko logotipoak. Horrela, gainontzeko klubekiko bereiztea lortuz. Logoaren konposizioa ura ukitzen ari den arraun batek osatzen du”.

Guztira, 70 logo inguruk parte hartu dute lehiaketan, eta esker hitzak baino ez ditu arraun elkarteak partaide horientzat guztientzat, euren ekarpenengatik. Horrela, nahiko buruhauste izan du klubeko zuzendaritzak irudi egokia aukeratzeko, eta bigarren sari bat ere ematea erabaki du. Hernaniko Jon Altuna Oxan da bigarren irudiaren egilea, eta klubak erabaki du irudi gisa erabiltzea traineruaren kamisetetarako. Beraz, Altunak ere bere saria izango du.

Joan den irailaren bukaeran deia zabaldu zuen klubak logo lehiaketarako, eta erantzun oso ona jaso du. Hala, partaide guztien artean, klubeko material sortaren zozketa egin dugu, eta Nagore Aranburu izan da irabazlea, hori ere hernaniarra.

Saritu guztiek abenduaren 17an jasoko dute dagokien oparia, klubak egun berezia ospatuko baitu egun horretan herrian. Laster emango dugu informazio gehiago.