“Etxera itzultzea bezala” izan dela dio arduradun berriak, eta lanerako gogoz eta ilusioarekin dago.

xabier zabala
Xabier Zabala, klubaren elorrabiko egoitzan. (Argazkia: Estitxu Zabala/HAE)

Hernaniko Arraun Elkartea ezin hobeto ezagutzen du Xabier Zabalak (Loiola, 1974), bertako kidea baita 2006tik. Emakumeen traineruarekin pauso bat aurrera eman nahi du klubak, eta erabaki du Zabala jartzea entrenatzaile postuan, 2016-2017 denboraldirako. Adostasunera iritsi ostean, ilusioz beteak daude bai klubeko arduradunak bai entrenatzailea bera ere, eta aurrera begira ari dira jada lanean. “Etxera itzultzea bezala izan da. Berriz ere ilusio handia dut, eta lanerako gogo handiz nago”, dio entrenatzaile berriak. Taldeari dagokionean, entrenamenduak azaro hasieran abiatzeko asmoa du Zabalak, eta negutik indartsu entrenatzen hasteko lanean ari da: “Kontentu nago iazko blokea mantenduko delako. Hamabost neska inguruko taldea dugu momentu honetan, eta lanean ari gara beste bizpahiru arraunlari ekartzeko. Ea neguan lana behar bezala lan egiteko moduan gauden”.

Datorren denboraldian, gainera, traineru berriak uretaratuko dituzte klub gehiagok: Zumaia, Donostiarra, Portugalete… beraz, emakumeen estropadetarako ere izango da ikusmina, zalantzarik gabe.

Hernaniko Maialen traineruak bi denboraldi egin ditu uretan. Gipuzkoako Traineru Ligan aritu da, eta seigarren postuan geratu da bi txandetan. Gipuzkoako Txapelketan ere parte hartu du, eta aurten lortu du lehen aldiz Kontxako Banderarako sailkatzea, emakumezkoen zortzi trainerurentzat ireki den urtean bertan. Lehenengo bi denboraldi horietan, Juanjo Etxarte izan da traineruko entrenatzailea, eta ondoan izan du Jose Luis Perez Koteli tolosarra; eta, noski, orain arte egindako lana eskertu nahi die klubak.

IBILBIDE OPAROA
Xabier Zabala Ur-Kirolaken hasi zen arraunean, kadetea zela. Bertan osatu zuen bere arraun ibilbideko tarterik luzeena, aulki mugikorrean eta tostako arraunean, Koruko Ama traineruan. Entrenatzaile lanetan ere aritu zen Urkin, eta 28 urte zituela utzi zuen. Urkik trainerua ateratzeko kuadrilla osatzerik lortu ez zuen bi denboraldietan, Zumaian aritu zen arraunean; eta, 2006an, Hernanin sartu zen buru-belarri lanean. Gizonezkoen traineruko entrenatzailea eta arraunlaria izan zen lehenengo bi urteetan. 2008an, ordea, hainbat lagunen artean, klubean filosofia aldaketa bat egitea erabaki zuten, eta harrobia lantzeari ekin zioten, trainerua alde batera utzita. Horrela, Zabalak beste klub batzuetan arraunean jarraitu zuen bitartean, beheko mailetan entrenatzaile lanetan aritu zen Hernanin, 2015 arte. Donostiarran egin zituen bere azken bi denboraldiak arraunean, eta, ondoren, bertako entrenatzailea izatera igaro zen, gizonezkoen KAE-1 ligako trainerua gidatuz. Hirugarren denboraldian, 2015ean, hiru bandera lortu zituen hiriko Torrekua traineruarekin, Donostiarraren historiako lehenak. Iaz, negu osoko lana egin bazuen ere, liga hasterako postutik kendu zuten.