Aupa Maialen! kamixeta
Datorren ostegunean urteko erronka handienari aurre egingo dio Hernaniko Maialen traineruak. Kontxako Banderan parte hartzeko sailkatu daiteke lehen aldiz, uretaratu eta bigarren urtean. Guztira, hamar traineru arituko dira lehian, osteguneko sailkatze estropadan, 17:30ean: Cabo, Club de Remo a Cabana-Ferrol, Club de Remo Colindres, Deusto-Bilbao, Hernani Iparragirre sagardotegia, Hibaika Jamones Ancin, NT2 Hondarribia, Orio Babyauto, San Juan Iberdrola eta Zarautz-Getaria. Zazpi txartel egongo dira jokoan, datozen bi igandeetan Donostia Arraun Lagunakekin batera lehiatzeko.

Hernaniarren bultzada beharrezkoa izango dute Maialen traineruko arraunlariek, ostegunean, euren onena emateko. Horregatik, deia egin nahi die klubak hernaniarrei, animatzera joan daitezen, kamiseta berdeak soinean jantzita. Joxemari tabernan eros daitezke Aupa Maialen dioten elastikoak, 10 euroren truke (8 euro bazkideek). Animatu, eta Aupa Hernani!