Lekeitioko bandera
‘Maialen’, joan den asteburuko estropadan.

Iritsi da neguan egindako lana erakusteko garaia. Hernaniko Arraun Elkarteak, iaz bezala, emakumezkoen trainerua uretaratuko du, Maialen izenarekin, Maialen Lujanbio bertsolari aski ezagunaren omenez. Juanjo Etxarte eta Koteli dira taldeko entrenatzaileak, iaz bezala, eta lehiarako prest dute taldea. Gipuzkoako VII. Traineru Ligan parte hartuko du traineru berdeak, baita Euskotren Ligarako sailkatze estropadetan, Gipuzkoako Traineru Txapelketan, eta Kontxako sailkatze proban ere. Beraz, arraunlariek ez dute atsedenerako denbora asko izango.

Gipuzkoako Traineru Liga asteburu honetan bertan abiatuko da, eta hamahiru jardunaldi izango ditu. Guztira, bederatzi traineruk parte hartuko dute ligan: San Juan, Hibaika, Orio, Getaria-Zarautz, Hernani-Iparragirre sagardotegia, Donostia Arraun Lagunak, Colindres, Hondarribia eta Deustu.

Hondarribian jokatuko dituzte lehen estropadak, datorren igandean bertan, 17:00etan. Lehenengo jardunaldi horretan, irteera bi minuturo emango dute, eta hau izango da hurrenkera: Lehenengo eta bigarren zeintzuk aterako diren erabakitzeko, zozketa egingo dute Hondarribia eta Deusturen artean (iaz ez zutelako ligan parte hartu); ondoren, Colindres; Donostia Arraun Lagunak; Hernani-Iparragirre sagardotegia; Getaria-Zarautz; Orio; Hibaika eta San Juan.

Emakumeen Gipuzkoako VII. Traineru Liga

  • Ekainak 19. Hondarribia (17:00)
  • Ekainak 25. Pasai Donibane.
  • Ekainak 26. Getaria.
  • Uztailak 2. Deustu.
  • Uztailak 9. Orio (Euskotren ligarako puntuagarria, I. jardunaldia).
  • Uztailak 10. Donostia (Euskotren liga, II. jardunaldia).
  • Uztailak 16. Orio (ez puntuagarria).
  • Uztailak 23. Errenteria.
  • Uztailak 30. Zumaia (ez puntuagarria).
  • Abuztuak 6. Ondarroa.
  • Abuztuak 7. San Pedro.
  • Abuztuak 20. Colindres.
  • Abuztuak 27. Errenteria.