Hitzordua gorriz markatuta dute arraun taldeek, eta mila arraunlaritik gora bilduko ditu aurtengo jaitsierak. «Urtez urte estropada indarra hartuz joan da, eta egun arraun taldeek esfortzu berezia egiten dute beren traineruak estropadan parte hartu dezaten». Izan ere, Orioren jaitsierak bi zentzu ditu. Alde batetik, taldeek traineruek duten maila ikusteko baliagarria izaten da, eta horretarako prestatzen dira gainera. «Pasa den asteburuan esaterako 10 traineru izan ziren Oria ibaian gora-behera larunbateko estropada prestatzen. Hori guretzat pozgarria da, traineruek Oriaren Jaitsiera serio hartzen dutela esan nahi baitu» adierazi du Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak. Horretaz gain, arraunlari guztiei estropada jokatzeko aukera ere ematen zaie Oriaren jaitsieran. «Arraun taldeek ordezkaritza zabala ekartzen dute neguko estropadara, arrunlari guztiek jaitsiera jokatzeko aukera izan dezaten». Larunbatean bi bandera izango dira jokoan. Alde batetik, Emakumezkoen II. Babyauto Bandera, eta bestetik Gizonezkoen V. Babyauto Bandera. Lehenengoa irabazteko lehian 4.000 metro osatu beharko dituzte parte hartzaileek, eta sail horretan emakumezko seniorrek, beteranoek eta mediterraneoko llagutek jokatuko dute. Bigarrena eskuratzeko berriz, 6.000 metro osatu beharko dituzte gizonezko absolutu mailako taldeek. Giro ederra herrian Estropada 17:00etan hasiko da, eta giro ederra ziurtatuta izango dela adierazi dute Orio Arraunketa Elkarteko ordezkariek. «Jaitsierak arraunlari eta arraunzale asko biltzen ditu, eta eguerditik gau parteraino herrian giro ezinhobea izango dela uste dugu». Dagoeneko, inguruko ostatu eta nekazalturismoak beteta daude, eta jatetxeek eta tabernek herrian giro polita izango dela aurrikusi dute. Ildo horretan, Orioko alkate Joxe Angel Zalduak eskerrak eman dizkie Orioko Arrunketa Elkarteari eta BabyAuto babesleari arraun hitzordua antolatzeko egiten duten esfortzuagatik. «Herrian giro ederra sortzen da, neguko asteburua alaitzeko aproposa». 75 ontzi eta mila arraunlari biltzen dituen estropada antolatzeko lan handia egin beharra dago. Boluntarioak lortzeko deialdia egin zuen Orio Arraunketa Elkarteak, eta oso gustura daude herritaren erantzunarekin 50 lagun inguru aurkeztu baitira egun horretan antolaketa lanetan aritzeko.
Hernani-Iparragirre sagardotegia, iazko estropadaren azken metroetan. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga/HAE)

Mila arraunlari baino gehiago elkartuko dira Oriaren XXII. Traineru Jaitsietan. Bertan izango da Hernaniko Maialen trainerua, denboraldiko lehen estropada egiteko gogoz. Orion izango da lehia, larunbatean, 17:00etan; eta guztira, 75 ontzik parte hartuko dute.

Emakumezko absulutuek, beteranoek eta mediterraneoko llagutek 4.000 metroko ibilbidea egin beharko dute; gizonezko absolutu mailako taldeek, berriz, 6.000 metro. Hala, bi bandera egongo dira jokoan. Batetik, Emakumezkoen II. Babyauto Bandera, eta bestetik, Gizonezkoen V. Babyauto Bandera.

Emakumezkoetan, honako traineruek parte hartuko dute, hurrenkera honetan: Deustu, Hondarribia, Donostia Arraun Lagunak, Hernani-Iparragirre sagardotegia, Getaria-Zarautz, Cabo da Cruz, Hibaika, San Juan eta Orio.

Oriaren Traineru Jaitsiera, 2016
Ibilbidearen mapa

Hernaniko arraunlariek badute esperientzia jada Oriaren jaitsieran. Izan ere, aurreko bi urteetan parte hartu dute: 2014an, Hernani-Gure Esku Dago izenarekin, taldea Betuloko arraunlari kataluniarrekin batera osatuz; eta, iaz, bi trainerurekin, bata Hernani-Iparragirre sagardotegia, eta bestea, Hernani-Betulo-. Iaz, gainera, hotzari eta euriari aurre egin behar izan zieten hernaniarrek. Hemen duzue iazko jaitsieraren irudi bilduma.