arraunlariak
Pozez jaso dute albistea arraunlariek, eta Hernanira etortzeko desiatzen daude.

Maialen traineruari bultzada indartsuago bat emateko asmoz, fitxaketa garrantzitsuak egin ditu Hernaniko Arraun Elkarteak. Hain zuzen ere, Britainia Handiko Xanthe Weatherhead eta Zoe Taylor arituko dira arraunean traineru berdean, datorren denboraldian. Puntako arraunlariak dira Weatherhead eta Taylor, azken Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu baitzuen bikoteak.

Elkarteko zuzendaritza oso harro dago egindako fitxaketekin, eta traineruari ukitu berezia emango diotela ziur daude, emaitzak hobetzen lagunduz. “Errumanian eta Polonian ere egon gara, eta beste arraunlari batzuk ikuskatu ditugu, baina gaztetasuna eta aldi berean esperientzia handia uztartzen duen bikote hori aukeratu dugu. Tostako arraunera egokitu beharko ditugu, baina daukaten maila kontuan izanik ziur gaude ez dutela inolako arazorik izango”, adierazi du Juanjo Etxarte traineruko entrenatzaileak.

Albistea pozik jaso dute bai fitxaketek bai dagoeneko traineruan dabiltzan arraunlariek ere. Hernaniko udal euskaltegian izena eman dute jada, eta urte berriarekin batera herrian egongo dira Weatherhead eta Taylor. Dagoeneko gogor ekin diete entrenamendu saioei, Maialenen guztia emateko moduan egoteko.