Hernaniko Euskal Jaien barnean, gastronomia aukera ederra eskainiko du arraun elkarteak, Atsegindegin.

Txerriboda eta Sagardo Festa, prentsaurrekoa
Biterin egin dute prentsaurrekoa; ezkerretik bigarrena eta hirugarrena, Aitor Galdos eta Batix Larburu.

Hernaniko Arraun Elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Urteurren hori aitzakia ezinhobea iruditu zaigu era aktiboan parte hartzeko herriko Euskal Jaietan. Lokal berria ere ireki degu aurten Ibarluzen, eta gainera, emakumeen trainerua uretaratu dugu, klubaren historian lehen aldiz. Beraz, nahikoa arrazoi izan dugu, herriarentzat jai berezi bat antolatzeko. Hala, euskal jaien barnean, Txerriboda eta Sagardo Festa antolatu ditu elkarteak.

Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eta Basatxerriren pruduktuak egongo dira aukeran (Txomin Parrillaren eskutik), hau da, sagardoa eta hainbat txerriki. Atsegindegin izango da jaia, irailaren 18an eta 19an, ostirala eta larunbata; eta bertan, afariak eskainiko ditugu bi egunetan. Azken batean, arrauna, sagardoaren moduan, tradiziotik datorren kontu bat da gure herrian, eta lotura ezinhobea egiten dutela iruditu zaigu. Giroa alaitzeko, bertsolariak, bideo emanaldiak, ergometro lehiak hainbat klubetako arraunlarien artean, eta beste ezusteko batzuk ere egongo dira.

TXERRIBODA 2015Afariez gain, herri bazkaria ere antolatuko dugu larunbat horretarako. Bazkarirako txartelak hainbat tabernetan daude salgai: Oindi, Aralar, Gunea, Kitto, eta Oa Gozotegia. Helduentzako menuak 18 euroko prezioa izango du, eta honakoa izango da: Marmitakoa, Basatxerri xolomo burua pikillo piperrekin, Idiazabal gazta menbrilloarekin eta sagardoa. Haurren menuak, berriz, 10 euro balioko du: Basatxerri txorizoa, Ekain hanburgesa, eta baserriko izozkia eta ura. Txartelak lehenbailehen erostea komeni da.

Giro ezinhobea izango dugula ziur gaude, eta jende guztia gonbidatuta dago gure jaira.

Bide batez, deia zabaldu nahi dugu, denboraldi berria dela eta. Asteazkenean bertan ekingo diegu entrenamenduei, Ibarluzeko gure lokalean. Arraunlari berriak jasotzeko prest gaude!