Kontxako sailkatze estropadan parte hartu du Hernaniko emakumeen traineruak, lehen aldiz.

'Maialen' traineruko kideak
‘Maialen’ traineruko kideak, Kontxako sailkatze estropada jokatu ostean. (Argazkia: Julian Perez)

Lehen aldiz uretaratu du Hernaniko Arraun Elkarteak emakumeen traineru bat, eta bete du jada lehen denboraldia. Estreinu ederra egin du arraunlari gaztez betetako taldeak: Gipuzkoako Traineru Ligan seigarren postuan bukatu du (ontzi berri guztien aurretik); eta Kontxako sailkatze estropadan, bederatzigarren lekuan geratu da (12:37:34), zortzigarren sailkatutik segundo bakar batera. Hala, Kontxako uretan, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Colindres utzi zituen atzetik Hernanik, ligan barrena egin duen moduan, baina ez zuen lortu Donostiako ontzia aurreratzea. Hala ere, taldekideek gustura bukatu zuten estropada, egindako estropadaz eta denboraz harro.

Esperientzia ahaztezina izango da aurtengoa, zalantzarik gabe, traineru berdea berriro ere uretaratzea lortu duten guztientzat. Garrantzitsuena, ordea, aurrera begira hainbat oinarri jartzea izan da, taldea, babesleak eta zaleak tarteko.  Datorren urtean oraindik gehiago emateko asmoarekin bada, denboraldia agurtu du Hernani-Iparragire sagardotegia taldeak. Atseden hartzeko garaia da orain.

Kontxa, sailkapena