Sailkatze estropada jokatuko du Maialenek, bihar, 17:30ean.

Hernani, Kontxako badian
‘Maialen’, joan den astean, Kontxako badian. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga/Hernaniko Arraun Elkartea)

Udara guztia arraunean igaro ostean, azken txanpara iritsi da Hernani-Iparragirre Sagardotegia. Lan txukuna egin du taldeak Gipuzkoako Traineru Ligan, seigarren postuan sailkatuz (talde berri guztien aurretik). Aste honetan, ordea, lehia garrantzisu bat jokatuko du: Kontxako sailkatze estropada. Bihar, osteguna, irailak 3, izango da sailkatze estropada, 17:30ean. Kontxarako txartela lortzen duten ontziek, irailaren 6ko eta 13ko jardunaldietan parte hartuko dute.

Guztira emakumezkoen 11 traineruk eman dute izena sailkatze estropadarako. Erlojupeko proba izango da, eta partaideek 1’5 itsas miliako distantzia egin beharko dute, bi luze eta ziaboga bakarrarekin.  A multzoan arituko dira: Cabo, Zarautz-Getaria, Hibaika, Orio, San Juan eta Zumaia; B multzoan arituko da Hernani: Arraun Lagunak 50-Donostiarra, Chapela, Colindres, eta Oiartzungo Itsaslapurrekin batera. Hamaika talde horietatik, lau azkarrenek lortuko dute Kontxarako txartela. Maialen traineruko kideek badakite ez dutela batere lan erraza izango; talde hasiberria izanik, aurkari gogorren aurka aritu beharko baita. Edonola, taldea momentu onean dago, eta ahalik eta lanik txukunena egitera irtengo da. Hala, denboaldia zapore hobeagoarekin agurtzeko.

Gizonen lehia, berriz, 18:00etan izango da, eta 24 talde saiatuko dira zazpi postuetako bat lortzen. Erlojupeko proba izango da eta guztira eta 3 itsas miliako distantzia egin beharko dute; bi luze eta ziaboga bakar batekin. Lehen zazpi denbora onenak egiten dituztenak sailkatuko dira, Donostiarrarekin batera aritzeko.

Kamisetak, salgai

Hernaniko trainerua animatzeko, ‘Aupa Maialen!’ leloa duten kamiseta berdeak kaleratu ditu Hernaniko Arraun Elkarteak. Txantxilla kafetegian eta Joxemari tabernan salgai daude. Eskuratu zurea!