Aurten lehen aldiz uretaratutako ontzi berri guztien aurretik geratu da Maialen

Colindres, Maialen
Colindresen jokatu du ‘Maialen’ traineruak ligako azken estropada.

Pasaia, Zarautz, Zumaia, Donostia, Orio… ez dira gutxi izan Hernaniko Maialen traineruak aurten bisitatutako geltokiak. Lehen aldiz uretaratu du Hernaniko Arraun Elkarteak emakumezkoen traineru bat, eta estreinu polita egin du. Gipuzkoako VI. Traineru Ligan parte hartu du Hernanik, Maialen Lujanbio bertsolariaren omenezko ontziarekin, beste zortzi talderekin batera; eta seigarren postuan bukatu du, 36 punturekin. Hau da, traineru berri guztien aurretik sailkatu da: Donostiarra (34 puntu), Oiartzungo Itsaslapurrak (16 puntu) eta Colindres (13 puntu). Ligako irabazlea, berriz, Zumaia izan da (81 puntu), eta bere atzetik geratu dira San Juan (74 puntu), Hibaika (68 puntu), Orio (62 puntu) eta Zarautz-Getaria (53 puntu). Guztira hamar jardunaldik osatu dute aurtengo Gipuzkoako Traineru Liga, Pasaian hasi eta Colindresen bukatuta. Barean itsasoan baino hobetu moldatu den arren, pixkanaka hobekuntza egin du Hernaniko taldeak, eta aurrera begira emateko asko duela argi dauka. Colindresen jokatu zuen ligako azken estropada Maialenek, joan den larunbat arratsaldean, eta seigarren postuan geratu zen, 11 minutu eta 19 segundoko denborarekin. Miren Garmendia aritu zen patroi lanetan, traineruan estreinekoz, eta oso lan txukuna egin zuen. Donostiarra geratu zen Maialenek aurretik, eta Orio atzetik; bandera, berriz, San Juanek etxeratu zuen. Eguraldi kaxkarrari aurre egin behar izan zioten arraunlariek, beroketa hasi orduko sekulako zaparrada bota baitzuen. Hala ere, estropadak iraun zuen bitartean ez zuen euririk egin, eta Hernanitik joandako zaleek gogotsu animatu zuten euren taldea.

Urteko azken erronka, Kontxa
Gipuzkoako Traineru Liga bukatuta, Kontxako Banderari begira daude jada Hernani-Iparragirre Sagardotegia taldeko kideak. Kontxako sailkatze estro­pa­da irailaren 3an jokatuko dute, 18:00etan. Beraz, astebete baino gehiagoko tartea du Juanjo Etxarteren kuadrillak, hurrengo erronka prestatzeko.