image
Taldea, Pasaiako entrenamendu saio batean. (Argazkia: Iñigo Herrero)

Bi estropada bakarrik falta zaizkio Hernani-Iparragirre Sagardotegiari, Gipuzkoako Traineru Liga bukatzeko. Ondarroan izango du Maialenek gaur estropada, 17:00etan, eta azken lehia, berriz, abuztuaren 22an jokatuko du, Colindresen (Kantabria).

Bederatzi ontzi lehiatuko dira gaur arratsaldean, tartean izango baitira Euskotren Liga jokatzen ari diren taldeak ere. Hiru txandatan banatuko dute jardunaldia, ligako sailkapenaren arabera. Lehenengo, Colindres eta Oiartzungo Itsaslapurrak aterako dira; hortik bi minututara, Donostiarra, Hernani eta Zarautz-Getaria; hirugarren txandan, berriz, Euskotren ligarako sailkatutakoak arituko dira: Hibaika, Orio, Zumaia eta San Juan.

Emakumeen estropaden ostean, gizonen KAE-1 Ligako jardunaldiaren txanda izango da.

Arantza kentzeko asmoz
Joan den asteburuko arantza kentzeko gogoz dago Hernani. Izan ere, Getarian jokatutako estropadan, zortzigarren postuan geratu zen Maialen, ziabogan huts egin ostean. Irteera oso ona egin zuten hernaniarrek, eta ziabogara Zarautz-Getaria eta Donostiarrarengandik oso gertu iritsi ziren. Ziaboga estriborretik hartu ostean, ordea, minutu erdi baino gehiago galdu zuen taldeak akatsa zuzentzen. Hala ere, bigarren luze oso txukuna egin zuen traineru berdeak; hala, Colindres atzean utzi zuen eta oiartzuarrengandik oso gertu helmugaratu zen.

Seigarren postuan dago orain Hernani-Iparragirre Sagardotegia, eta Donostiarra bi puntu atzetik dauka. Falta diren bi estropadetan donostiarren aurretik geratzea du buruan taldeak, postu horri eusteko.