Gipuzkoako Traineru Ligako zortzigarren jardunaldia jokatuko du ‘Maialen’ek; eta mutil kadeteak, berriz, Loiolatarra elkartearen batel estropadan lehiatuko dira.

Loiolako jaietako estropada 2014
Hernaniko arraunlariak, patroiak eta arduradunak, iazko Loiolako estropadak jokatu ostean. (Argazkia: Hernaniko Arraun Elkartea)

Hernaniko arraunlariek bi erronka izango dituzte asteburuan. Hala, traineruak Getariara bidaiatuko du, eta batel batek, berriz, Loiolara.

Gipuzkoako VI. Traineru Ligaren barnean, zortzigarren jardunaldia jokatuko du Maialenek, larunbat arratsaldean. Bederatzi traineru arituko dira lehian, ez baitago Euskotren Ligako jardunaldirik. Bera, traineru berdearekin batera honakoak arituko dira: San Juan, Zumaia, Hibaika, Orio, Zarautz-Getaria, Donostiarra, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Colindres. Emakumeen estropaden ostean, gizonezkoen KAE-1 Ligako estropadak jokatuko dituzte.

Joan den asteburuan, Zumaian jokatu zuten ligako zazpigarren jardunaldia, eta orduan, bost traineru bakarrik aritu ziren nor baino nor. Hirugarren postuan geratu zen Hernani-Iparragirre Sagardotegia; Zarautz-Getaria eta Donostiarraren atzetik (hemen sailkapen osoa). Itsasoaren egoera latzari aurre egin behar izan zioten arraunlariek, olatu handien aurka arraun eginez.

Bestetik, Loiolako San Inazio jaien barnean, Loiolatarra elkarteak urteroko batel estropadak antolatu ditu. Hernaniko mutil kadeteek batel batekin parte hartuko dute bertan, igandean, 18:00etan. Iaz, euren mailako txapeldunak izan ziren hernaniarrak, eta aurten, denboraldian zehar egindako lan bikainari bukaera politago bat ematea dute helburu. Izan ere, Udaberriko Batel Ligako txapeldunak izan dira kadeteak.