image
'Maialen', Kontxako badian, joan den asteazkenean. (Argazkia: Ainhitze Kalonje/Hernaniko Arraun Elkartea)

Iritsi da bederatzigarren eguna Hernani-Iparragirre Sagardotegiarentzat. Joan den larunbatean hasi zuen aste gogorra taldeak, eta gaur bukatuko du, laugarren estropada batekin. Aurretik, ligako bi jardunaldi eta Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatu ditu Maialenek.

Ligako seigarren jardunaldia izango da gaurkoa, Orion, 18:00etan. Erlojupeko lehia izango da, Oria ibaian; beraz, errekan zertarako gai diren erakutsi nahi dute hernaniarrek, joan den asteazkenean Kontxan izandako sentipen txarrak alde batera uzteko.
Emakumeen bost traineru bakarrik arituko dira lehian: Hernani, Getaria-Zarautz, Oiartzungo Itsaslapurrak, Donostiarra-Arraun Lagunak 50 eta Colindres. Izan ere, Euskotren Ligako traineruek atzo jokatu zuten euren estropada, Orion bertan; eta gaur Portugaleten zuten lehia. Emakumeen estropaden ostean, gizonezkoen KAE-1 Ligako traineruen txanda izango da.