Bederatzi egunetan lau estropada jokatzearen erronkari aurre egiten ari dira Hernaniko arraunlariak.

Donostia, Euskotren 2
‘Maialen’ trainerua, igandean Kontxako badian jokatutako estropadan. (Argazkia: Aitor Urkia/Hernaniko Arraun Elkartea)

Aste gogorra izaten ari da Hernani-Iparragirre Sagardotegia taldeko arraunlarientzat. Izan ere, bederatzi egunetan lau estropada jokatu behar dituzte Hernaniko arraunlariek, aurreko larunbatean hasi eta datorren igandera bitartean. Hurrengo lehia asteazkenean izango du, Kontxako badian, Gipuzkoako Traineru Txapelketan parte hartuko baitu, 18:30ean.

Zehazki, asteazkeneko jardunaldian gizonezkoen eta emakumezkoen mailak banatuko dituzte. Lehenengo emakumeak hasiko dira eta lehen txandan arituko da Hernani-Iparragirre Sagardotegia, Zarautz-Getaria, Donostiarra eta Oiartzungo Itsaslapurrekin batera. Bigarren txandan, Zumaia, San Juan, Hibaika eta Orio izango dira aurrez aurre. Ondoren, gizonen txanda izango da, eta hiru txandatan hamar traineru lehiatuko dira.

Traineru Ligari begira

Ondoren, berriro ere Gipuzkoako Traineru Ligari begira jarriko da Hernani. Hain zuzen ere, Orion izango du ligako hurrengo jardunaldia, igandean, 18:00etan.

Gipuzkoako Traineru Ligaren barnean, joan den asteburuan, Pasaian (emaitzak) eta Donostian (emaitzak) jokatu zituen bi jardunaldi Maialenek. Zazpigarren postuan geratu zen bi egunetan Hernaniko traineru berdea. Hala, Zumaia, Hibaika eta Orio izan dira Euskotren Ligarako sailkatu diren taldeak, dagoeneko barruan zegoen San Juanekin batera.