image
Arraun elkarteko eta Kantuzeko kideak, banderak jaisteko prest. (Argazkia: Estitxu Zabala/Hernaniko Arraun Elkartea)

Astearte eguerdian txupina bota eta San Juan jaiei hasiera eman zien klubak; gaurkoan, jaiak bukatutzat eman ditu, ikurrina jetsiz.

Traineruan arraunean dabiltzan neska jubenil eta senior batzuk, eta udaberriko Batel Liga eskuratu berri duten mutil kadeteak egon dira udaletxean, sanjuanak agurtzen. Gainera, Zumaian jasotako bandera harro astintzeko aukera izan dute kadeteek, herri guztiaren aurrean.

Gaurkoan ere Kantuz abesbatzako kideak izan dituzte lagun arraunlariek; eta elkarrekin bertso pare bat abestu dituzte. Hona hemen:

KANTUZ ABESBATZA

Orain dela hogeita bost
Urte abiatutako
Bidea izan da beti
Batez ere kanturako,
Herri errotik jaio ta
Jarraitu nahi dugulako,
Nahiz-ta bidean isuri
Izan dugun hainbat malko,
Gure lagun batzuk egun,
Gurekin ez daudelako,
Baina guztiak gogoan
“Kantuz” dago aurrerako,
Beraz, Hernani maitea
Azken hitzak zuretzako,
Bidean zure arnasa
Eskaini diguzulako

ARRAUN ELKARTEA.

Hernaniko elkartea
Sortu zuten egunean,
Lehen aldiz jarri ginen
Hernaniarrak arraunean,
Kirol inoiz arina-ta
Kirol inoiz astunean,
Ta geroztik ari gara
Bere gogortasunean,
Eta traineruak berez
Duen edertasunean,
Eta hurrengo bilkura
Herriko erdigunean,
Donostiako bandera
Irabazten dugunean.