Elorrabiko egoitza berriari ongietorri ofiziala eman diote klubeko kideek, arraun munduko beste hainbat lagunekin batera.

Lokal berriaren inaugurazioa
Batis Larburuk hartu zuen hitza. (Argazkia: Andoni Mateos)

Arraunak alde batera utzita, jai ederraz gozatzeko elkartu ziren asteazken arratsaldean hainbat arraunzale, Elorrabiko Ibarluze industrialdean. Hain zuzen ere, lokal berriaren inaugurazio ofiziala egin zuten Hernaniko Arraun Elkarteko kideek, senide, arraunlari ohi, eta elkartearekin lotura duten beste hainbat lagunekin batera. Gainera, 50 urte bete ditu aurten elkarteak, eta Elorrabin bildutakoek jai ederra egin zuten guztia ospatzeko. Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Beñat Ame­nabar azken lau urteetako Kirol zinegotzia eta Esti Aldeiturriaga Kirol zinegotzi berria ere izan ziren inaugurazioan, besteren artean. 

Elkarteko hainbat kirolariren eta zuzendaritzako kideen artean antolatu zuten jaia, eta bat baino gehiagok euren abileziak erakutsi zituzten. Batis Larburuk gidatu zuen inaugurazio jaia, eta klubaren 50 urteko ibilbidearen errepasoa egin zuen, garai gazi-gozoak oroituz. Andoni Mujikak bertso pare bat bota zituen; Amaia Altunak eta Araia Uitzik agurra dantzatu zuten; eta Añarbe eta Ainhitze Kalonje ahizpek eta Estitxu Zabalak klubari eskainitako abesti bat abestu zuten: BOGA BOGA, Urumean gora behera. 

Bukatzeko, lokalaren goiko solairuan elkartu ziren arraunzale guztiak, klubaren 50 urteko historia biltzen duen bideoa ikusi zuten. Ondoren, otordu ederraz gozatu zuten.