Egoitza berriaren inaugurazioa egingo dute klubeko kideek asteazkenean, eta Elorrabiko estropadak eta denboraldi bukaerako bazkaria larunbatean.

Hernani, egoitza aldaketa
Egoitza batetik besterako aldaketa egin zuten klubeko kideek, duela hilabete batzuk. (Argazkia: Patxi Artola/Hernaniko Arraun Elkartea)

Aste mugitua izango du Hernaniko Arraun Elkarteak. Izan ere, egoitza berriaren inaugurazio ekitaldia egingo du asteazken arratsaldean, eta Elorrabiko estropaden txanda izango da larunbat goizean, eta ondoren, denboraldi bukaerako bazkaria.

Dagoeneko 50. urte bete ditu arraun elkarteak, eta aurten Ibarluze poligonoan egoitza berria estreinatu duela eta, egoitza berriaren inaugurazioa eta urteurren jaia egingo ditu. Zehazki, asteazkenean 19:30ean izango da ospakizuna, eta klubeko kideek hainbat ezusteko prestatu dituzte egun handirako.

Bestetik, urtero legez, batel estropadak antolatu ditu klubak Elorrabin. Udaberriko II. Batel Ligaren barnean izango da aurtengo jardunaldia, larunbatean, 11:30ean. Joan den asteburuan, Pasaian izan ziren ligako estropadak, eta berriro ere mutil kadeteak txapeldunak izan ziren, beraz, etxean ere garaipenaren bila irtengo dira. Joan den asteburuko emaitza guztiak ikus daitezke federazioaren webgunean. Bukatzeko, estropaden ondoren, urteroko bazkaria egingo dute elkarteko kideek.

Traineruari dagokionean, joan den igandean egin zuen Maialen ontziak udako denboraldiaren estreinua. Emakumeen Mutrikuko I. Banderan parte hartu zuen Hernani-Iparragirre sagardotegia taldeak, eta bosgarren postuan bukatu zuen, 12 minutu eta 35 segundoko denborarekin. Datorren asteburuan ez du estropadarik izango taldeak.