Gipuzkoako Liga hasi aurretik, Emakumeen Mutrikuko I. Banderan parte hartuko dute Hernaniko arraunlariek, datorren igandean.

'Maialen', Pasaian
Hernaniko arraunlariak, Pasaiako entrenamendu saio batean. (Argazkia: Xabier Gurrutxaga/Hernaniko Arraun Elkartea)

Hainbat traineruk bat egingo dute Mutrikun datorren igandean, eta bertan izango da Hernaniko Maialen trainerua, udako denboraldiko lehen estropada jokatzeko prest. Hain zuzen ere, Emakumeen Mutrikuko I. Bandera eta Gizonezkoen Mutrikuko XVI. Bandera egongo dira jokoan. Gipuzkoako Arraun Federazioak antolatu du jardunaldia, Mutrikuko Arraun Taldearen eta Mutrikuko Udalaren laguntzarekin.

Erlojupeko lehia izango da igandekoa, 11:00etan hasiko da eta Hernaniko arraunlariek lehenengo txandan parte hartuko dute, Oiartzungo Itsaslapurrak eta Donostiarra-Arraun Lagunak taldeekin batera. Emakumeen bigarren txandan, Getaria-Zarautz, Hibaika eta Orio arituko dira. Gizonezkoetan, Getxo, Hibaika, Orio, Arkote, Zarautz, Itsasoko Ama, Ondarroa, Donostiarra, Zumaia, Isuntza, Getaria, San Juan, San Pedro eta Hondarribia lehiatuko dira.

Gipuzkoako Liga ekainaren 20an hasiko da

Benetako lehiari bi aste barru ekingo dio Hernani-Iparragirre sagardotegia taldeak; Gipuzkoako Liga ekainaren 20an hasiko baita, Pasaian. Euskotren Ligako sailkatze estropadan ere izango dira hernaniarrak, uztailaren 11ko asteburuan.