Gipuzkoako Trainerilla Ligari ekingo diote mutil jubenilek larunbatean, Loiolan. 

Espainiako txapelketa

Pozik daude klubeko neska jubenilak, Espainiako LXXII. Batel Txapelketan parte hartuko baitute datorren asteburuan. Joan den asteburuan Euskadiko Batel Txapelketan hirugarren postua lortu ostean lortu dute jubenilek Espainiako lehian parte hartzeko txartela. Guztira, 68 ontzi lehiatuko dira txapelketan, eta horietatik 9 arituko dira neska jubenilen mailan: Robaleira, Vila de Cangas, Cabo de Cruz, Chapela, Astillero, Colindres, Orio, Tolosaldea, eta Hernani. Partaide guztien zerrenda ikusgai dago Espainiako Arraun Federazioaren webgunean.

Galizian izango dira estropadak, Moañan, eta ostiral goizean bertan irtengo dira Hernaniko arraunlariak haranzko bidean. Bost arraunlari eta patroi bat joango dira Galiziara, bi entrenatzailerekin batera, ahalik eta lanik txukunena egiteko asmoarekin. Larunbatean, 17:00etan izango dira estropadak, eta igandean, 10:00etan.

Bestetik, mutil jubenilek bukatutzat eman dute batel denboraldia, eta trainerilletan murgilduko dira aurrerantzean. Hala, Gipuzkoako Trainerilla Ligan parte hartuko dute, eta asteburu honetan bertan jokatuko dute lehen jardunaldia. Estropadak larunbatean izango dira, 11:00etan, Loiolan, Donostia Arraun Lagunakek antolatuta. Iaz, klubeko neska jubenil eta seniorrek parte hartu zuten trainerilla ligan, eta aurten mutilek hartuko dute lekukoa. Partaideen zerrenda Gipuzkoako Arraun Federazioaren webgunean ikus daiteke.