Mutil kadeteek bigarren postua lortu dute, eta neska jubenilak hirugarrenak izan dira. 

Gipuzkoako Batel Txapelketa
Mutil kadeteak bigarren postuan geratu dira. (Argazkia: Klausser/Picasa)

Liga bukatuta, Gipuzkoako Batel Txapelketan ere podiumera igotzea lortu dute Hernaniko arraunlari batzuk. Joan den asteburuan izan ziren txapelketako estropadak Pasaian; Hernanik zazpi batel uretaratu zituen, eta eta bik lortu zuten lehenengo hiru postuetan sartzea. Hala, mutil kadeteek zilarrezko domina lortu zuten, eta neska jubenilek, berriz, brontzezkoa. Zehazki, kadeteetan Orio izan zen txapelduna, eta Trintxerpe hirugarrena. Jubeniletan, aldiz, Orio eta Tolosa geratu ziren Hernaniren aurretik. Hona hemen emaitza guztiak.

Datorren asteburuan, Euskadiko Batel Txapelketaren txanda izango da. Legution izango dira estropadak; larunbatean, 16:00etan hasiko da jardunaldia, eta finalak eta kontsolazio txandak igande goizean jokatuko dituzte.

Gipuzkoako Batel Txapelketa
Neska jubenilak hirugarren postuan geratu dira. (Argazkia: Klausser/Picasa)