Emakume zein gizonek osatutako 85 ontzi lehiatuko dira Orioko proban, 16:30etik aurrera; eta Hernanik bi ontzi uretaratuko ditu.

Hernani-Gure Esku Dago
Gure Esku Dagoren izenean aritu ziren iaz Hernaniko arraunlariak, Oriaren jaitsieran.

Oriaren XXI. Traineru Jaitsiera ez da nolanahikoa izango. Denetariko ontziak arituko dira lehian bihar arratsaldean, gizon zein emakumeen mailatan; eta bertan egingo du estraineko estropada Hernani-Iparragirre Sagardotegiaren Maialen traineruak. Gainera, Hernanik bigarren traineru bat ere uretaratuko du bertan, Hernani-Betulo izenarekin. Hala, Hernaniko eta Badalonako Betulo klubeko arraunlariek osatuko dute kuadrilla hori, iaz, Gure Esku Dagoren izenean egin zuten moduan.

Guztira, 85 ontzi elkartuko dira aurten Orion: Sei Llagut Catala, bi Llagut Mediterraneo eta 77 traineru. Jaitsiera 16:30ean hasiko da eta azkeneko traineruak 18:00etan egingo du irteera.

Bi ibilbide prestatu dituzte oriotarrek. Batetik, mediterraneoko ontziek eta emakume, gazte eta beteranoz osatutako traineruek egingo dutena, tartean, Hernaniko bi traineruak. Sarikolatik irten eta herrian amaituko da ibilbide hori eta 4.000 metro izango ditu. Emakumezkoetan, zehazki, Babyauto I. Bandera egongo da jokoan, eta 15 talde izango dira lehian. Gizonezko absoluto mailako traineruek, berriz, 6.000 metroko ibilbidea egin beharko dute. Mapil-Agiñatik irten eta herrian edukiko du helmuga.

Oriaren XXI. Traineru Jaitsiera, Orio Arraunketa Elkartearen 50. urteurreneko ospakizunen baitako jardueretako bat da.

Igandean, batelak

Bestetik, igandean, Gipuzkoako Batel Ligaren txanda izango da. Liga, berez, urtarrilean hastekoa zen, baina jardunaldi guztiak bertan behera utzi dituzte orain arte. Datorren igandean, 10:30ean hasiko dira estropadak Pasai Donibanen, eta bertan izango dira maila guztietako Hernaniko batelak.